2017-2018 Ikasturtearen amaiera: Kontseiluaren Gutuna

Joan den apirilaren 13an izan zen Giltzarriko 2. Biltzarra, eta hara bildu ginen 80 bat neska-mutil hainbat dinamikaren bitartez JASANGARRITASUNA lantzeko, HAIZE ERROTA MARTXAN izenburutzat hartuta.

 

Urtero egiten dugu gogoeta ikasturtean zer gai jorratuko dugun erabakitzeko, bai eta zer egin dezakegun bizi garen lekuaz jabetzeko eta hura hobetzeko ere. Horregatik aukeratu genuen gai hori, zuzenean ukitzen ez gaituen arren, oraindik bide luzea dugulako aurretik, eta geuk ere, nerabe izanik, zeozertan laguntzea daukagula uste dugulako.

 

Zeharo harritu gintuen bideo bat ikusi eta hainbat dinamika egin ostean, zer da zuentzat jasangarritasuna? galdetutakoan, bertan ginenok esandako hitzak: hezkuntza, berdintasuna, laguntza, ingurumena, errespetua, maitasuna, oreka, birziklatzea, justizia, askatasuna, kulturartekotasuna, gizarte-berdintasuna, bidezko lansariak…

 

Hasieran galdetu zeniguten merezi al duen pixkanaka hondatzen ari garen eta hori saihesteko inork ezer egiten ez duen mundu batean bizitzea. Geroxeago ulertu genuen norberaren baitan dagoela guztia, eta idatzi zenituzten esaldietatik honako hauek laburbiltzen dituzte zuen hango gogoetak:

“¿Qué les diremos a toda esa gente que luchó antes por un mundo mejor si nosotros nos rendimos?” “Euskera eta beste hizkuntzak inportanteak dira” “Denbora azkar doa, gaur bertan hasi behar dugu zeozer egiten”,  “El querer mejorar el mundo es un gran puzzle por resolver. No sabemos como colocar, muchas piezas, incluso hemos perdido algunas, pero trabajando, podremos encontrar una solución y crear un mundo mejor”

 

Beraz, esan zenituzten guztiak jaso ondoren, lanari ekin diogu Kontseiluko kideok.  Zuen proposamen guztiak mahairatu, eta egun hartan gertatutako guztia aztertu ondoren, honako ekintzok abiatuko ditugu Kontseiluaren eta Plataformaren bitartez.

 

Giltzarriko Berdintasuna, Euskara eta Belaunaldiarteko batzordeei laguntza ematen jarraituko dugu, bai eta parte-hartzea sustatzen ere.

 

Topalekuko terrazan egin dugun hiri-ortua zaintzen jarraituko dugu, aurten abian jarri dugun belaunaldiarteko batzordekideen laguntzaz.

 

Topalekuetan, aintzat hartuko dugu ‘zaborra gutxitu, berrerabili eta birziklatu’ araua, eta modurik hoberenean ahaleginduko gara argi artifiziala erabiltzen, eta argi naturala aprobetxatzen.

 

Amaitzeko, Giltzarriren jarduera, talde, irteera eta gune orotan, guztion arteko parekotasunaren alde egingo dugu, generoa, kultura eta etnia gorabehera, eta gure ingurumena eta izaki bizidun oro (landare eta animaliak) errespetatuz.

 

 

Zeren, pixkanaka, nork berea ekarriz eta ahal duen neurrian lan eginez lortuko baitugu baztertuta utzi genuen haize-errota martxan jartzea eta normaltasunez jardutea, mundua jasangarriagoa izan dadin.

 

HAIZE ERROTA MARTXAN JARRI!

 

Kontseilu.