Kontseiluren Gutuna-Bizikidetasuna sustatzeko hausnarketa

“Pertsona ezagutu. Adeitsua izan. Inguruko pertsona guztiak errespetatu. Nire hausnarketa: gaurko ekintzei esker,  guztiekin adeitsua izaten, baloratzen eta pentsatzen ikasi dut”

 “On litzateke  besteak geure burua bezain ondo tratatzea”

“Kanpoko gauzez eta pertsonez esaten denari hainbeste arreta ez jartzen saiatuko naiz. Epaitu baino lehen, nire baitara iristen saiatuko naiz”

12 eta 18 urte bitarteko gazteek idatzitako adibide soil batzuk baino ez dira hiru aipu horiek, aurreko martxoaren 24an jasoak. Egun horretan Giltzarriko Plataformaren ikasturteko bigarren batzarra ospatu zen.  Bizikidetasuna, errespetua eta tolerantzia lantzea zen helburua.

2016-2017 ikasturteko lehen batzarrean hautatu zuten, hauteskunde bitartez,  landu nahi zuten gaia. Berdinen artean suertatzen diren hainbat egoerekiko ardura erakutsi zuten Plataformako gazteek, gaia aukeratzerakoan. Hori ikusirik, gaiak metodologia parte- hartzaile baten bitartez  lantzea erabaki zuen Kontseiluak, bertaratutako gazte guztiak hainbat geletatik  pasaraziz, gai ezberdinen inguruan hausnartzeko: hala nola, pertsonak haien itxuragatik ez epaitzearen garrantzia, guztiak antzeko gustu/ardurak ditugunaz jabetzea, ekin baino lehen besteen lekuan jartzea, nork bere burua maitatzearen garrantzia…

Ondoren, parte hartzaileek kartoi-mehe bat jaso zuten, gizarte tolerante eta adeitsuago bat lortzeko  erabiliko lituzketen sentimenduak, sentipenak, hausnarketak eta ekintzak idazteko. Ekintzaren adibidea testu honen hasieran ikus daiteke.

Egia esanda, atsegina izan zen igartzea mezua barneratua zutela, kasu guztietan nork bere burua aztertzetik hasi beharra ondorioztatua zuelako. Gainera, aipatzekoak dira bullying-aren inguruan egindako iruzkinak zein bizikidetzaren alde egindakoak, bizikidetza baita Kontseiluak urtea amaitzeko geratzen den denboran zein datorrenean ere landu nahi duen gaia. Gure aburuz, jazarpena lantzerakoan, indarrak batuz jardun behar dugu, eta ez, ordea sakabanatuz, hau da,  guztion arteko bizikidetza on baten alde ekinez.  Gazte toleranteak eta bidezkoak ez diren egoerekin kritikoa den belaunaldi bat lortzea da gure lehendabiziko helburua. Txantxa eta jazarpen egoera baten artean ezberdintzen  dakien belaunaldia, eta horrelakoren bat gertatuz gero, nola jokatu dakiena. .

 

Hori guztia dela eta, Kontseilua ahalik eta lasterren jarriko da lanean amestutako gazte belaunaldi hori lortzeko, non jazarpen egoerak gutxienekoak izango diren eta zeinean gazteek benetan jakingo duten zer den bizikidetza aparta. Horretarako,  batu egingo ditu proposatutako ekintza guztiak Kontseiluak, estrategia bat garatzeko eta hori dena lehenbailehen martxan jartzeko.

Adeitasunez, Kontseilua.